Gozatu txoko bakoitza
Ezagutu Zangozako inguruak
Xabierko Gaztelua
Dorre almenadunak zeruaren kontra daude marraztuak, lekuari darion Erdi Aroko xarmaren indargarri. San Frantzisko Xabierkoaren jaiolekua, Zangozatik 8 km-ra. Milaka nafar joaten dira urtero erromes Xabierraldian. Multzo arkitektonikoa, hein batean berreraikia, zoragarria da.
Irunberriko Arroila
Irati ibaiak zizelkatutako mendi-zintzur sakon eta meharra da, kilometro batetik goraxeagoko luzerakoa, eta 120 metroko desnibelekoa gehienez. Natur Erreserba da, paisaia ikusgarria, leku ederra landaretza oparoa eta saiarreak ikusteko.
Sos del Rey Católico
Herriak harro esan dezake Erdi Aroko multzorik onenetako bat duela Aragoi osoan. Izan ere, Multzo Historikoa eta Artistikoa izendatua dago. Alderik garaienean, gazteluko omenaldi-dorrea dago altxatua, XII. mendekoa.
Leireko Monasterioa
Espainiako monasteriorik onenetako bat da, natur inguru ederrean kokatua. XI. eta XII. mendeetako erromaniko sortu berria era berezi batez azaleratu zen Leiren. Eta hurbil, Esako urtegia dago, bidaiariaren ibilbidearen osagarri.
Arbaiungo Arroila
Pirinioetako Zaraitzu ibarraren sarreran, Irunberri eta Nabaskozeko Almiradioaren artean, hantxe dago Nafarroako mendi-zintzurrik luzeen eta ikusgarriena. Izan ere, Zaraitzu ibaia hormatzar handi eta ikusgarrien artean doa artekaturik ia sei kilometroan.
Uxue
Nafarroako Erdialdean kokatua, Uxue Nafarroako gurtza lekurik nagusietako bat da eta, aldi berean, behatoki ikusgarria, Pirinioak eta Erriberako ordoki zabala bere ederrean ikusteko.
Salbaterra Ezka
Salbaterra Multzo Historikoa eta Artistikoa da. Jazetanian dago. Nafarroako Erronkaribarko hego sarbidea da, eta Erronkari ibarrean bezala, dena arroilaz, oihanez eta mendiz betea, Pirinioak hurbil-hurbil dauden seinale. Herri arkitekturak ere erronkariarra ematen du.
Uncastillo
Aragoiko erromanikoaren paradisua da, Multzo Historiko eta Artistikoa izendatua. Haitzaren kaskoan, gazteluaren aztarnak daude eta, omenaldi-dorrean, museo bat. Herria gazteluaren inguruan dago, Erdi Aroko usaina dariola.
Burgi eta Lanbide Zaharrak
Burgi Erronkaribarko lehen herria da, hegoaldetik joanez gero. Erdi Aroko zubia da nabarmentzekoa, hots, almadiek Almadiaren Egunean zeharkatzen dutena. Herria berez da ederra eta, inguruan, natur ingurune ezin zoragarriak daude, hala nola Burgiko Arroila eta Sasiko idoiak.
Pitillasko Aintzira
Pitillasko aintzira hezegune bat da eta jatorri endorreikoa du. Pitillas eta Santakara nafar herrien artean dago. 216 ha ditu luze-zabaleran, gehienak Pitillasko udal dermioko lurretan.
Erriberri
Erriberrin oinez ibiltzea Erdi Aroko hiri-sare liluragarrian barneratzea da. Alde guztietatik nabarmentzen da gaztelu-jauregi gotiko ederra, horma lodiz eta dorre almenadunez osatua. Karriketan, nonahi dira harrizko etxe eder armarridunak, bai eta ardo ona ere, bisitariaren gozamenerako.
Erronkari: etxe ederrak eta Gayarre
Erronkariko etxeak ikusgarriak dira zinez, Pirinio aldeko arkitektura moldean eginak. Julian Gayarre Museo-Etxea ere bisitatu behar da eta, era berean, abeslariaren mausoleoa, Naturaren Interpretazio Zentroa eta San Esteban eliza. Eta gaztak ere dastatu behar dira.
Erreniega mendia
Erreniega mendia Nafarroako Foru Komunitatean dago (Espainia) eta 1039 metro ditu. Iruñetik 10 km-ra dago, Arga, Robo eta Elortz ibaien artean.
Artaxoako harresiak
Erdi Aroko multzo harresiturik garrantzitsuena da Erdialdean, XI. mendean eraikia. Hasieran 14 dorre zituen eta, gaur egun, 9, guztiak ere almenadunak. Erronda-bidea ere badu.
Iruñea
Iruñea arras leku aproposa da parkez parke eta alde zaharreko kaleetan barna ibiltzeko: gozamen ederra da bertako gastronomia eta pintxo famatuak dastatzea, ardo onez lagundurik, eta gozamen ederra ere Espainiako jai paregabeak bizitzea, Sanferminak, alegia.
Eunateko Andre Maria
Garrantzi handi-handiko lekua da Nafarroako Donejakue Bidean, Garestik hurbilxko. Ederki uztarturik daude artea, erlijiotasuna, historia eta magia, bai eliza oktogonalean, bai klaustroan. Ahaztezina da bisitatzen duten guztientzat.
Ansoko Multzo Historikoa
Anso Jazetanian dago eta Multzo Historikoa da, 2006az geroztik, ederki jakin baitu kontserbatzen goi mendiko hirigintza egitura, jatorrizkoa. Izan ere, familia bakarreko etxeak dira, harri grisez eginak, bi isurialdeko teilatua, zeramika lauz edo harlauzez estaliak.
Uztarroze, gazta eta transhumantzia
Uztarrozeko hirigunea nafar Pirinioetako moldekoa da arras. Santa Engraziari eskainitako eliza da nabarmentzekoa, bai eta Gaztaren eta Transhumantziaren Museoa ere. Herritik hurbil-hurbil, Mintxate dago, hau da, mendi-zintzur meharra, toki ezin hobea paseatzeko eta hegazti harrapariak ikusteko.
Gares
Gares gune arras garrantzitsua da Donejakue Bidean. Eta bi leku daude bereziki erromes bideari lotuta: batetik, karrika Nagusia eta, bestetik, Erdi Aroko zubia, XI. mendekoa, 110 metro luzerakoa.
Errege Bardeako Parke Naturalia
Itxuraz eremu latz eta gorria izanik ere, Errege Bardeak natur eta paisaia balio handiak ditu, milaka lagunen erakargarri. Unescok, gainera, Biosferaren Erreserba izendatu du.
Iratiko Oihana
Oihan hau hobekien kontserbatutako pagadi-izeidirik zabalena da Europan, Alemaniako Oihan Beltzaren ondotik. 17.000 ha dira luze-zabaleran, ia ukitu gabea, balio ekologiko handikoa, Pirinioetako Aezkoa eta Zaraitzu ibarren goialdean.